Imprimir
 

Aita zaldun batek hiru alaba zeuzkan. Erregearen inguruko handikia zen bera eta sarri jauregian agertu behar izaten zuen. Erregeak, zaldun berriak egiteko asmotan zebilela, aita horri,

- Zuk zer familia duzu? – galdetu zion.

- Hiru alaba, jauna.

- Semerik?

- Bat, Guarin deritzan mutil eder bat.

Hau erantzuterakoan, erreginak (sorgina edo erdi sorgina zena) erregeari belarrira

- Horrek ez dauka semerik – esan zion.

Erregeak zalduna bere etxera semearen bila bidali zuen. Larri joan zen etxera, gero eta larriago. Alaba zaharrena ikusi zuen lehenengo, etxeratu zenean.

- Zer duzu, aita, horren ilun etortzeko?

- Zer dudan? Erregeari semea daukadala esan diot. Berak niri eraman diezaiola eta ni, larri.

Bigarren alabak galdera berdina eginda, aitak zaharrenari bezala erantzun zionean,

- Hori esan baino ez al zen, aita, hobe izango guri senar on bat ekartzea?

- Aita, ez larritu – esan zion – Ni joango naiz erregearengana mutilez jantzita.

Badoaz bata eta bestea, aita-alabak, zaldiz, aurrera eta aurrera. Jauregira iristerakoan eta erregearengana joan zirenean, erregeak emazteari deituz

- Hona hemen Guarin – esan zion – zuk ezetz esan arren.

- Hori Guarin? Emakumea duzu hori. Bidali ezazu hango landa handi hartara.

Landa hartan, alde batean lihoa zegoen, bestean belarra. Erregina sorginak bere artean zion:

- Emakumea den aldetik ez du lihoa zapaldu nahi izango.

Senarrari erakutsi zion gero uste hau.

Guarin edo Guarintzakoa hara zihoala, Ama Birjina agertu zitzaion.

- Zoaz lihotzara – esan zion

Lihotzan lauhazka zebilen zaldunak.

- Hortxe dago – esan zion erregeak emazteari – lihotzan dabil: mutila duzu hori.

- Ezetz, gizona, ezetz. Esaiozu orain honantz etortzeko eta zaldia berriro atondu dezala. Zeuk ikusiko duzu. Emakumea delako, zalditegi barruan atonduko du zaldia. Mutila balitz kanpoan egingo luke.

Erregeak orduan, zaldizkoari beregana dei eginda,

- Zoaz, Guarin – esan zion - , zoaz zaldiari brida berriak jartzera.

Zalditegira zihoala, Andra Mariak berriro irtenda, egin beharrekoa belarrira esan zion.

Ikusten duzu? – galdetu zion erregeak emazteari - ; mutila da.

Ez da mutila, neska baino. Den ala ez den jakiteko bidali ezazu iturrira txongilarekin. Ura badakar, mutila da; ostean ez.

Txongila eskuan hartuta iturrirantz zihoala, Ama Birjinak mari-mutilari aholku hauxe eman zion:

- Iturri ondoko putzuan suge bat ikusiko dun, begiak zabalik baina lo. Har ezazu zume hau.

Horrekin, Aitaren egin eta gero, ondo lotu pizti hori zaldiaren atzeko aldean, gero txongila ondo bete eta etorri hadi jauregira.

Hauxe gertatu zen. Badatoz jauregirantz eta zaldi gaineko suge lotuak barre-algara bat, geroxeago beste bat, beste bat geroago.

Txongildunak harriturik entzun zituen barre handiak. Andra Mariak berriro agertuaz esan zion:

- Erregearen aurrera heldutakoan galdetu ezaion sugeari barre-algarak zergatik egin dituen.

Ordurako, jauregian, balkoirik handienean erregea, erregina eta ondorengo asko zeuden. Hara helduta Guarinek erregeari zerbait esateko eskubidea eskatu zion, eta eskubide hori hartuta, sugeari

- Suge – esan zuen –, zergatik egin dituzu hiru barre-algarak?

- Lehenengoa nire Ama Andrearen jauregiko teilatuan ikusi dudalako. Bigarrena nire Ama Andrea bere senar-erregearen alboan giltza guztien jabe eginda ikusi dudanean. Hirugarrena zu bezalako dontzeila batek (Andra Mariagatik zihoan hau) galdu nauelako.

Erregeak, emaztea nor zen jakinda, jauregi-aurreko zabalean bertan su handi bat piztu arazi eta hantxe kiskali eragin zuen emazte sorgina. Gero Guarin nor den jakinda, berarekin ezkondu zen erregea.

Dolores Etxebarria (Lekeitio) 

Created and designed by Euskomedia.org