Imprimir
 

Aspaldi, duela zortzi edo bederatzi ehun urte, ez omen zegoen Mendiben Lohibarre eta Mikelbarre etxeak besterik. Lohibarreko mutila joan zen egun batean Galharbeko amildegira behi batzuen atzetik. Hara eta hona zebilela harpe batean Basa-andere bat ikusten du, orain Salbatoreko elizan dagoen zutargia garbitzen eta urrezko orrazi batekin orrazten ari zela. Eguzkia bezala distiratzen zuela ikusirik, mutilak laminari zutargia eskatzen dio. Berak ezetz. Baina azkenean, erregu eta eskari ugarien ondorioz, zutargi ederra eskuratzen du mutilak eta badoa.

Basa-anderea laster ohartzen da mutilak Salbatorera eramango duela zutargia eta elizara buru-belarri doala. Oihu-garrasika abiatzen zaio atzetik eta bitartean Basajauna agertzen da gailur batean saltoka … hura heldu ere. Mutilak dagoeneko bere buruaz kezkatua dago eta Salbatorera leherturik heltzen da eta oihuka hasten da:

―Salbatore jauna, zuretzat nuen. Erruki zaitez nitaz.

Eta berehala hasten da Salbatoreko kanpaia bere kabuz jotzen.

Basa-anderea eta Basajauna kolpetik gelditu egin ziren eta Basajaunak zera oihukatu zion mutilari:

―Kanpai horrek jo eta jo libratu zaitu. Baina baraurik harrapatzen zaitudan lehengo aldiz ondorioei eutsi beharko diezu.

Handik egun batzuetara, berriro joan zen mutila mendira, bezperan garia jotzen egon zelarik. Bat-batean bihurgune batean ateratzen zaio Basajauna, harritzen da mutikoa eta buruan hatz egiterakoan, harenak egin duela pentsatuz, ile artean hiruzpalau gari-ale aurkitzen ditu, “krak” ahora eramaten ditu baraualdia hausteko; Basajauna itzali egin zen eta inoiz ez zen gehiago agertu. Baina mutila ez zen sekulan berriro mendira joan baraurik..

Lohibarreko mutilak agindutakoa egin zuen zutargiarekin; Salbatoreko elizara eraman zuen eta han ikus daiteke egun oraindik. Baina ez lehen bezain eder, segur aski..

Created and designed by Euskomedia.org